Aurkezpena

Kirola eta osasuna, gure goiburuak zalantzarik gabe, baina gozamena, aldarte ona, adiskidetasuna,……, umore eta kolore.

Oriaibaia ez da ohiko kirol elkartea. Paisaia eta eskura dugun ingurua elkarrekin gozatuz, ipar martxa edo delako “nordic walking” egitea dugu gogoko. Norbera den edonolakoa izanda eta printzipio hauekin bat datorren edonori eskuak zabalduz. Oinarrikoa den honetaz aparte, gure harremanak enpatia eta NWekiko gozamenean oinarritzen dira, “gauzak ondo eta taxuz egiten ari garela sentituz”…..

2015aren azkenaldian hasi zen Oriaibaia hezur mamitzen, NW trebatzaileak diren Juanma Mujika eta Ana Bengoaren eskutik, Tolosan eta Andoainen hastapen ikastaroak ematearekin batera. Gero, 2016.arekin batera herri horietan antolatutako lehenengo asteroko irteerak hasi ziren, Tolosaldea NW izeneko whatsapp kontua izanik erabilitako komunikabidea, 30 walker edo ibiltariekin. Ikastaro eskaria bizi hasi zen orduan, hala nola, Ordizia, Lazkao, Zarautz, Azpeitia, Irun, Zumarraga, Zumaia eta duela oso gutxi Gares (Puente la Reina). Halaber, Tolosa eta Andoaingo asteroko irteeraz gain, lehenik Ordizia eta gero Villabona, Zarautz eta Irungo asteroko ibilialdiei ekin zitzaien, egun Gipuzkoan daukagun asteroko irteera programa gauzatu arte. Aipatu behar da ere hasieratik hilero antolatzen ditugun irteerak, gaur egun partaidetza haundiarekin sendotuta daudenak.

Tolosaldea deitura erroa zabaldu asmoz Oriaibaia NW izena hartu zen, hau izanik behin betirako izena gure taldea Elkartea bezala Eusko Jaurlaritzaren erroldan sartzeko eskaria luzatu genuenean, 2017ko maiatzaren 15ean.

2017ko ekitaldia ixteko atarian, Oriaibaia 147 bazkidek osatzen dute. Horrelako partaidetza itzela eta arrakasta ulertzeko, gurekin asteroko irteera guztietan lagun ditugun bi trebatzaileen enpatia, jatortasuna eta emanari erreparatu behar diegu alde batetik, bestetik, eta batez ere, aipatu saio hauetan goiburu ditugun printzipioei: kirolari maitasuna, aldarte ona eta alaitasuna.

Ez da gauza arrunta edo ohikoa gisa honetako aurkezpenei sinadura jartzea, baina Zuzendaritza Batzordeko kideok salbuespena egitea deliberatu dugu, hain zuzen ere, Junmak eta Anak ez zigutelako bestela beraiekiko hain aipamen zuzena eta argia egiten utziko, eta Oriaibaiaren aurkezpena gabezia horrekin eginez, erabat ahul eta lauso izango zenaren ustetan gaude. Orri honetara urbiltzen den orok gure artekoa senti dezala nahi genuke alegia.

Gipuzkoa, 2017ko abendua
Zuzendaritza Batzordea